Hain zuzen ere, hor dago gakoa, denok amatasuna zorionez berdin bizi ez badugu ere, askotan edo gehienetan hori ez da kontuan hartzen eta inolako arretarik gabe ama eta haurraren arteko harreman horren tartean sartzen da jende asko, norbere nahia begiratuz, ama edo haur horrena begiratu beharrean (amari besoetatik hartuz, inork eskatu gabeko bere iritzia emanez, ama horren denbora ez errespetatuz, amatasun horretan perfekzionismo bat eskatuz, oraindik tripa duela esanez…). Zer helbururekin egiten da hau? Norberak bere etxean eduki duen heziketa ama horrek ere berean eduki dezan? Ohartu beharko genuke gizakia ugaztuna dela eta animalia hauek bezala, guk ere ama izan berri baten sena dugula eta animaliei kumeak kentzen ausartzen ez garen bezala edo egin beharko ez genukeen bezala, gizakion kasuan ere, emakumeak berdin errespetatu beharko liratekeela. Bakoitzaren heziketa erakusteko egiten bada ere, gaur egun zorionez, emakumeok honen inguruan formatzeko aukera handia izaten dugu, zer den nahi duguna aldez aurretik ezagutu eta erabakitzeko eta bestela, galdetzeko gaitasuna ere badugu. Seguru konturatu gabe egiten den zerbait izaten dela eta ez modu txarrean egindakoa, baina bada garaia emakumeon inguruan inertziaz egindako gauza horiek guztiak aldatu eta gizarte berri bat sortzeko.
Seguru konturatu gabe egiten den zerbait izaten dela eta ez modu txarrean egindakoa, baina bada garaia emakumeon inguruan inertziaz egindako gauza horiek guztiak aldatu eta gizarte berri bat sortzeko.
Haurrarentzat askotan besoak soberan egoten dira, eta amarentzat faltan. Zer gertatuko litzateke umea hartu beharrean emakume hori besarkatuko bagenu bere kezka guztiak askatzeraino? Edo zer moduz dagoen galdetuko bagenio erantzunarentzako benetako tartea utziz? Edo norberaren istorioak elkarbanatuko bagenizkioke, bizitzen duguna ez dela arraroa erakutsiz? Zaindu dezagun elkar emakume guztiok eremu eta momentu guztietan, elkartasun horrek indartsuago egiten baikaitu, eta aldatu dezagun dugun gizarte hau amatasuna errazagoa izan dadin. Beti esan izan ohi baita etorkizuna gaur egiten dugunaren ispilu dela, beraz, erein dezagun etorkizuna.
Nerea Gomez Oiarzabal eta Bedats De Miguel Olaziregi
Comentarios
Publicar un comentario